Araitz ezagutu

Kokapen geografikoa:

Araitz Nafarroan dago, Gipuzkoako mugatik gertu. Bailararen Iparraldean, Areso dauka mugakide. Ekialdean Gorriti, hego-ekialdean Betelu eta hegoaldean Aralar mendizerra da Sakanarekiko muga. Ipar-mendebaldean, aldiz, Lizartza, Orexa, eta Gaztelu eta mendebaldean Amezketa, eta Bedaio, Gipuzkoako lurrak daude.

Bi unitate geomorfologiko nabarmendu daitezke: Malloak eta Araitz-Ultzamako sinklinorioa.

Paraje bereziak ditugu. Batetik, Malloak edo Aralar Mendizerraren azpialdea akuiferoz eta erreka txikiz beteta dago eta bestetik, mendia bera leizeez josita. Mendizerraren gainaldea karstikoa da eta beraz, urak (euria…) kaliza desegin eta kobazulo eta leizeak sortzen ditu, barrendik begiratuta, Gruyère gazta bat dirudielarik. Barne ur hauek bailaran irteten dira azalera, errekatxoak sortuz. Hauen artean berezia dugu bailaratik gertu, Betelun jaiotzen den ura, propietate sendagarriak dituena.

Lurrik zaharrenak, Jurasiko garaikoak dira, duela 200-145 milioi urtekoak hain zuzen ere. Horregatik aurki ditzakegu bertan itsasoa egon zen garaiko fosilak, itsas animalienak.

Klima:

Araitz Kantauri isurialdean dago eta klima ozeaniarra da, mendietako klima ezaugarriekin goialdean. Prezipitazioak aberatsak eta ohikoak dira lau urtaroetan.

1600 mmek 2000 mm izatera pasatzen dira goiko mendietan, airearen masaren orografikoen ondorioengatik. Neguan, Atlantikotik heldu diren fronteekin talka egiten duten lainoen ondorioz, elurteak oparoak izaten dira Malloetan.

Urteko batez-besteko tenperatura 12 gradu ingurukoa da, goialdean tenperatura nabarmen jaitsiz (7 gradu). Ez da izaten lehorte handirik ez eta lurreko defizit hidrikorik ere.

Araxes ibaiak zeharkatzen du bailara hegoekialdetik iparmendebaldera, Aralar eta inguruko mendietako urak jasoz eta Gipuzkoa aldean Oria ibaiarekin elkartuz.

 

Bertako landare eta zuhaitzak:

Azken urteetan, belardi eta larreen erabilera gutxitzearen ondorioz basoaren gorakada handia izan da, lurraldearen ia erdia beteaz. Barietate handikoak dira bertako basoak.

600-800 metroen gainetik pagoa nagusitzen da eta behealdean haritzak dira nagusi. Baina badira hosto-zabalen familiako beste hainbat zuhaitz ere, besteak beste: artea, lizarra, gorostia, altza, gaztainondoak…

Aipatzekoa da, Elosta eta Pagota mendien azpialdean, Atlantiar isurialdean ohikoa ez den baso bereziak aurki ditzakegula, zigariak. Ziga klima mediterraneoko zuhaitza izan arren, bertan ere topa ditzakegu, lur zati hauek berezi eta babes gune bihurtuz.

Bertako animaliak:

Mendietako haitzarteetan ugari dira hegaztiak, paisaia harkaitztsuetara erraz moldatzen direlako, horien artean, sapelatxa, mirua eta putreak maiz ikus ditzakegu. Txoriei dagokienez ohikoak dira zozoa, birigarroa, kaxkabeltxa, amilotxa, txepetxa, buztangorria, okila eta abar luze bat.

Bestalde, erbiek, basurdeek, orkatzek, lepatxuriek, txinoteek, azkonarrek eta azeriek ere bertan dute babes-lekua. Aldiz, garai batean ugariak baziren ere, urteak dira otsoa eta hartza desagertu zirela, azken hartza 1863an ehizatu omen zen.

Haranaren historia

Gipuzkoako mugarekin duen hurbiltasunagatik, eta hau Gaztelara zegokion garai haietan, eskualde hau, Gaztelako koroa eskuratu nahian aztoratuta zegoen. “Frontera de malhechores” deiturikoa, Nafarroan kezka gehien sortu zuena izan zen. 

Erdi Arotik aurrera eta Nafarroako konkistaren ondoren, 1513an, Fernando Katolikoa erregearen ondorioz Gaztelara batu eta gero, bi erreinuen arteko liskarrek aurrera jarraitzen zuten.


Hasiera batean, bere kokapenarengatik, Araizko bailara gatazka belikoetatik urrun geldituko zela ematen bazuen ere, ez zen hala izan, ondoan dagoen Larraun eskualdeak baino arazo gehiago izan baitzituen Konstituzio gerran, geroko Independentzia gerran eta ondoko Karlistadetan. 

1630ean Araitzek jurisdikzio zibilaren ahalmena eskuratu zuen. 1694an, Betelu Araitz bailaratik banatu zen 500 dukadoen truke eta XVIII. mendea bukatzerakoan, Araitzek egungo osaketa adostu zuen: Arribe, Atallu, Azkarate, Gaintza, Intza eta Uztegi. Bere kokapena egokiena zelako, Arribe bailararen hiriburu da geroztik. Arribe eta Gaintzak berezko udalerri bana izan zuten 1857ko errolda arte.