Artea

Arteak alor ugari hartzen ditu bere baitan eta denek ere badute euren lekua gure bailaran. Batetik, bertan bizi dira artista ezagun hainbat: Jose Luis Zumeta margolaria, Iñigo Altolagirre margolaria, Txitxi Orbegozo margolaria edota Juan Gorriti eskultorea esaterako.

Bestetik, ezin aipatu gabe utzi udal-barrutian ditugun historiaurreko trikuharriak, hala nola, Trikutseta, Añi eta Txuritxoberri.

Amaitzeko, eta eraikinei dagokienez, ikustekoak dira herrietako dorretxeak. Eliza, baseliza eta monumentuei dagokienez, berriz, ondokoak dira herri bakoitzeko eraikinak:

  • Arribe: Erdi Arokoa den San Migel eliza. Erretauletako batean bada, irudi baliotsu bat, XV. mendekoa. Erretaula nagusia XVII. Mendekoa da. Bi ermita daude: Bideko Amabirjinarena eta Ageda deunaren baseliza.
  • Atallu: San Juan Bautistaren eliza. Bertako erretaula nagusia XVIII. mende bukaerakoa da.
  • Azkarate: San Esteban eliza eta XVI. mende bukaerakoa den San Fermin baseliza.
  • Gaintza: Tourseko San Martinen eliza, Amabirjinak semea nitxo batean duen irudi garrantzitsu bat badu, XVII. mendekoa, Gotiko erakoa.
  • Intza: Santiagoren eliza, erretaula nagusia errenazimendukoa da eta bertan, gai desberdineko hainbat pintura uztartzen dira. Ermita: Santa Kruz.
  • Uztegi: Asuntzionen eliza. Eraikuntzak baditu XIV. mendeko hainbat ezaugarri, bobeda esaterako, kañoi erakoa da. Egurrezko irudi baliotsu bat ere badu, XIV. mendekoa hain zuzen ere.