Kondairak, Bitxikeriak eta Pertsonaiak

Kondairak:

  • Araitz-ko sorginak: Araitz-ko sorginak Urrizolako maldan elkartzen omen ziren, akelarrera hegan baino lehen. Ugari dira sorginei buruz bailarako jende helduaren ahotik entzun ditzakegun kondairak. Kondairez gain, ordea, bada historia erreal bezain krudelaren oroimen gogorra ere. Zoritxarrez Araiztar asko izan ziren sorgin inkisizioaren biktima. 1984. urtean Pedro Olea zuzendari zela “Akelarre” pelikula grabatu zen, Araizko Inkisizio garaiko (XVII. mendea) historia oinarri harturik.
  • Adarbakarraren istorioa: Araizko bailara honetan Erdi Arotik datorren kondaira dugu segidakoa. Protagonistak ez ziren ez lamiak, ez dragoiak eta ez sorgiñak, bailaran bizi zen adarbakar bat, baizik. Diotenez, Sancho erregea penaz triste zegoela eta, eta erreinuko medikuek sendabiderik aurkitzen ez ziotenez, ermitari batengana jo zuten laguntza bila. Honek, adarbakar baten adarretik edabea edanda sendatuko zela esan zien. Beteluko artadian bat bazegoela jakinarazi zien, baina oso arriskutsua zela hura ehizatzea, arima handiko pertsonei eta amodiozko penarik inoiz izan ez zuten dontzeilei bakarrik errendatzen zitzaielako. Horrela bada, Giomar, Sancho erregearen alaba, oraindik bere gizonaren hilketagatik penaz triste bizi zenez, oihanera adarbakarraren bila abiatu zen baina honek bere adarrarekin gorputza zeharkatu zion. Erregearen baleztariek, era berean, geziak jaurtita adarbakar hil omen zuten. Erregeak edabea adar hartatik edan zuen eta baita sendatu ere, baina bere alaba Giomar galtzeak bihotza zatitu omen zion betirako.

Bitxikeriak:

  • Intza herriko hondamendia: Intza herrira iristen den edonorentzat zaila da herria ulertzea. Hondamendi batengatik baserri eta etxe guztiak sakabanatuta baitaude. Mailopean eta Maiku Sasiren gainean zeuden Lizetako harriak erortzean hasi zen dena, hauek ubidea itxi eta urtegi bat sortu zuten. 1714ko abuztu eta irail euritsuen ondorioz, 526.000 m3 lur mugitzen hasi eta 1400 metroko bidea eginez, eliza eta plazaren arteko guztia suntsitu zuen. Sakabanatuagoak zeuden beste 30 bat etxe edo baserriek ordea, ez zuten kalterik jasan. Ez zen horregatik bizia galdutakorik izan. Herritarrek, inguruko bordetan bizitokia hartu, hauek txukundu eta berriak egiten hasi ziren, egun ezagutzen dugun Intza herria osatuz. Elkarri lagunduz, 1715ean aurrena errota eraiki zuten, 1721erako udaletxea eraiki zuten eta 1725erako eliza berria, lehengo elizako erretaula baliotsua bertan kokatuz. Gerora, Lizetan edota Haitz-hautsitik harri gehiago erori izan dira, 1866. urtean adibidez. 1999an ere lurjauzi txiki bat izan zen, Intzako herritarrei antzinako herrian gertatutakoa gogora araziz.
  • Aralarko elkartea: Lakuntzako Udalean helbideratuta dagoen Aralarko Elkartea / Unión de Aralar, udalerri eta kontzeju hauek osatzen duten usadiozko toki erakundea da: Arbizu, Arribe, Arruazu, Atallu, Azkarate, Betelu, Dorrau, Errazkin, Etxarri-Aranatz, Gaintza, Hiriberri, Ihabar, Intza, Irañeta, Lakuntza, Lizarraga, Lizarragabengoa, Unanua eta Uztegi. Aralar mendiko etekin osoen jabe direnez, administrazioa eraman eta bertako ondasunen zainketa egiten da. Elkarte honen antzekotasun administrazio eta juridikoa Nafarroako Bardena Errealekin bakarrik alderatu daiteke, batak zein besteak, epaitza eta hitzarmenez gain, beraien eskubideak Pribilejioetan oinarritzen baitituzte. Bestalde bitxikeria gisa aipatu, orain dela ez denbora asko, zonalde honetan animali basatiak ugariak zirela, hala nola, desagertutako hartza eta otsoa. Egun, batzuk ikusten dira eta eraberritzen ari dira, batez ere, basurdea, orkatza eta erbia, baita, azeria eta beste pizti batzuk. 1548an Aralar mendizerrako etekinen jabe ziren herrien arteko bileran, artaldeentzako kaltegarriak ziren animaliak ehizatzeko neurriak hartu zituzten. Hartz hil batengatik 6 dukado ordaintzen zuten; otso batengatik, 2. 1579tik 1608ra 19 hartz eta 7 otso hil zituzten. Inongo neurririk gabe jokatu zenez, 1863an ehizatu zuten azken hartza.

Pertsonaia ospetsuak:

  • “Intzako Damaso”: Miguel Olasagarre Zubillaga, Intzako Kalparregi baserrian jaio zen 1886an. Familian, semeetako batek eliz bidea hartu behar, eta Migeli egokitu zitzaion. Tuteran Giza-Zientziak eta Filosofia eta Iruñan Teologia ikasi ondoren, apaiz izendatu zuten 1910an. Intzako Damaso ezizena hartu zuen bere eliz lanetarako. Erabat euskalduna zen giroan jaio zen arren, nobiziatu zen garaian bere ama hizkuntza erabat galdu zuen, euskaraz bakarrik hitz egiten zuen bere amarekin harremanetan jarri zenean, ordea, berehala konturatu zen galdutakoaz, eta beste apaiz euskaldunek animatuta euskara berreskuratu eta euskal kultura aldarrikatzeari ekin zion. Idatzi zituen hainbat liburu edo artikuluetan izenorde hauek erabiltzen zituen besteak beste: Kalparregi, Irumugarrieta, Araiz’tar D, Ar’tar D. Bere lanei dagokienez, “Irugarrengo Prantziskotarra” aldizkaria sortu zuen. Aldizkari honen arrakasta ikusita, “Zeruko Argia” sortu zuen, euskara indartu nahi zuten apaiz eta lankide batzuk lagunduta. 1918an sortu zen Euskaltzaindiako lehenetako kide nafarra izan zen, eta 1919an honen araudiak idazteko lanetan parte hartu zuen. 1921an, Baztango batzarrean sartu zen euskaltzain oso gisa. Nafarroako Burunda aldeko euskalkiari buruzko lan bat egin eta euskararen elkarketa proposatu zuen “Euskara batua” sortu nahian.
  • “Palacianos de Andueza” eta Araizko sorgiñak: Atalluko “Palacio de Andueza” izeneko armagin etxeko jabea zen Johan Martinez de Andueza. Araizko alkate iraunkor bezala izendatua zegoen eta baita, larrialdi eta gerra kasuetan buruzagitza izateko eta mugitzeko baimendua ere. Gorteetan eserlekua ere bazuen. 1512an Iruña hiria hartzeko Araizko 400 pertsona behartuta eraman zituen, Leringo Konde eta Gaztelako Erregeari laguntzeko eta ondoren ere laguntzen jarraitu zuen hauek Nafarroa menderatu arte. Pedro de Lodosa, Anduezaren alabarekin ezkondu zenak, Jauregi honetako kapitain bezala, arazo asko izan zituen Araizko herrietako epaimahaikoekin, baita honen semea zen Fermin de Lodosa y Anduezak ere, egiten zituen gehiegikeriengatik eta bizilagunen artean sortzen zituen iskanbilengatik. Fermin de Lodosa y Andueza, Erregearen Kontseiluko kide eta Nafarroako diruzain orokorra izan zen. 1574an Arribeko elizan arazoak izan zituen, bere eserlekua maila handiagoko batengatik aldatu zuelako. Herriko fededunak erabaki honekin ados ez zeudenez, eserleku hori hautsi eta errekara bota zioten. Auzitara eraman zuen eta irabazi zuen arren, bizilagunen amorruak jasan behar izan zituen egiten zituen gehiegikeriengatik. Fermin de Lodosa Anduezak, bere araubidea jartzeko, Araizko bizilagunen aurka egiten zuen. Intzakoen kasuan, sorginak zirela esatera behartzen zituen. Horrela, bi lan egiten zituen batera, salatzaile eta epai lanak. 1595eko otsailaren 1ean, 11 pertsona atxilotu zituzten, epailearen aurrean aitortzeko, non, Palazioko ziegan egun batzuk igaro ondoren, Iruñeko kartzelara eraman zituzten. Apirilean, jadanik, 27 ziren Intzatik atxilotuak. Urte horretan eta auzia ospatu gabe zegoenean oraindik, Iruñeko kartzelan 2 gizon eta 10 emakume hil ziren. Atxilotuen artean, berriz, bost festak antolatzen zituzten bost musikari zeuden eta hauetako bati 100 azote eta 6 urteko desterruko epaia eman zioten. Beste atxilotuak kargurik gabe libre geratu ziren, baina asko gaixo eta hiltzeko zorian itzuli ziren jasandako tratu txarrengatik. Errazkin eta Arribeko abadeek ere presioa jasan zuten, Intzako akusatuei laguntza emateagatik. Hauek erdaraz ulertzen ez zutenez, beraien aurka aitortzen zuten. 1983an, Pedro Olea zine zuzendariak, “Akelarre” pelikula zineratu zuen, bere filmaketak Araizko bailara zeharo aztoratu zuen.