Lekunberriko Taldea alderdi politikoak agiri bat atera du Kirol Mankomunitatean kluben dirulaguntzen inguruan hartu den erabakiaren harira. Araitz, Areso, Betelu eta Larraungo udaletako ordezkariek zenbait azalpen eman nahi ditugu:
- Legegintzaldi honetan lan handia egin dugu udalerri eta erabiltzaile guztien arteko berdintasun printzipioa bermatzeko, eta ahaleginak egin ditugu Mankomunitatearen arauak zorrotz errespetatzeko. Baita dirulaguntzen gaian ere.
- Dirulaguntza horiek arautzen dituzten oinarrietan baldintza batzuk ezartzen dira klubek dirulaguntza horiek jasotzeko aukera izan dezaten. Baldintza guztien artean, hauek daude:
Hirugarren.- Diruz lagungarriak diren egitasmoak.
Diruz lagungarri izateko, kirol jarduera egitasmoak eskaria egin den denboraldian bertan gauzatuko behar dira eta eskolako adinean daudenen jarduera fisikoa lagundu behar dute.
Laguntzaren xede diren jarduerek hurrengo baldintzak bete behar dituzte:
1. Oinarrizko kirola sustatzea helburu duten jarduerak izatea.
2. Eskolako adinean daudenen ariketa fisikoaren praktika sustatzen duten jarduerak izatea. Jarduera hauek irekiak izan behar dute, honekin esan nahi da diskriminaziorik ez izatea genero, arraza, hizkuntza, ideologia, orientazioa eta abar dela eta.
3. Herriko elkarte-ehundura sustatzen eta sendotzen duten kirol jarduerak izatea.
4. Kirol eta gizarte aldetik interesa duten jarduerak izatea baldin eta Mankomunitatearen beste laguntza lerroetan ez badaude jasoak.
Dirulaguntzaren helburua zen kirol klubei laguntzea 2021eko abuztuaren 1etik 2022ko uztailaren 31ra bitartean egindako jarduerek eragindako gastuetan.
Beti Kozkorrek, Larraun Pilota Elkarteak eta SKADIk baldintzak betetzen zituzten. Ez, ordea, Lekunberri Kirol Elkarteko jarduera gehienek. Lekunberri KEk barne hartzen dituen diziplinetako batzuek ez dute oinarrizko kirola sustatzeko jarduerarik egin epe horretan. Eta beste diziplina batzuek Mankomunitatearen laguntza lerroak jaso dituzte eta jasotzen ari dira, begiraleen gastuak ordaintzeko. Lekunberri Kirol Elkartearen barneko diziplinen artean, Judokoak bakarrik betetzen zituen baldintzak.
Bozketa egin aurretik, proposatu genuen gaia gai-zerrendatik atera eta klubek aurkeztutako dokumentazioa aztertzea, ez baitziguten bidali bileraren aurretik. Berriro bildu eta legegintzaldia amaitu aurretik akordio bat bilatzeko eskaria egin zen, baina Lehendakaritzak ez zuen onartu.
Arkaitz Goikoetxeak dirulaguntza proposamen bat aurkeztu zuen arazoari irtenbidea emateko, oinarrietan agertzen diren baldintzak kontuan hartuz, eta bozkatzea proposatu zuen, baina ez zitzaion onartu.
Joseba Ordoki lehendakariak, beraz, bere proposamena bakarrik aurkeztu zuen bozketara, eta dena batera bozkatuko zela erabaki zuen; guri iruditu zitzaigun baldintzak betetzen ez zituzten jarduerak ezin zirela diruz lagundu, eta irregulartasunen bat egin baino lehen, kontrako botoa ematea edo abstentziora jotzea erabaki genuen. Dirulaguntza eskari guztiak batera bozkatu zirenez, baldintzak betetzen zituzten klubentzako laguntzak blokeatuta gelditu dira. Egoera hori saihestu zitekeen, Beti Kozkorrek, Larraun Pilota Elkarteak eta SKADIk baldintzak betetzen dituztelako, eta beraz, dirulaguntza jaso behar dute.
Azkenik, uste dugu garaiz gaudela egoera honi irtenbidea emateko, eta lanean jarraitzeko Mankomunitatea osatzen duten herri, kirolari eta klub guztien alde, salbuespenik gabe.
Kirol Mankomunitateko udal ordezkari hauek sinatzen dute:
Nerea Martirena (Araizko Udala), Javier Otermin (Aresoko Udala), Igor Otermin (Beteluko Udala) eta Xabi Azpiroz (Larraungo Udala).