1. Metodologia
Txosten hau egiteko, Araitz udalerriaren tamaina txikia izanik, zuzeneko behaketa bidez egin ditugu kontaketak. Kontzejuz kontzeju eta etxez etxe tokiko errealitatea ongi ezagutzen dugun udal taldeko kideek egindako landa-lan horri esker, etxebizitza bakoitzaren erabilera sailkatu ahal izan dugu (ohiko bizitokia, etxe hutsa, bigarren bizitokia eta erabilera turistikoa). Metodo horrek errore-marjin txiki bat izan dezakeen arren, erradiografia fidagarria eta errealitatetik hurbilekoa ematen digu. Salmenta-prezioen datuak Araizko Udalaren datu basetik jaso ditugu.
2. Laburpena
Txosten honek Araizko udalerriko etxebizitzaren egoeraren datu xume batzuk biltzen ditu. Gutxi eraiki den inguruko herrietan orokortuak dauden tendentziak errepikatzen dira.
Nabarmentzekoak:
- Ohiko etxebizitza: % 53,92. Etxebizitzen erdia soilik erabiltzen da ohiko bizileku moduan Araitzen, Nafarroako %80ko batez bestekoaren oso azpitik.01
- Etxebizitza hutsak: % 22,59. Azken hamarkadetan udalerria husten joan den einean etxebizitza asko hutsik geratu dira, gehienak berritu gabe eta saldu gabe.
- Bigarren egoitza: % 20,48. Kanpora bizitzera joan ziren araiztarren eta haien oinordekoen jabetzan geratu dira edo saldutako bigarren egoitzak dira. Uda partean eta asteburuetan erabili ohi dira. Nafarroako udalerri txikienetan antzekoa izaten da bigarren egoitzek eta etxe hutsek osatzen duten % 40 inguruko portzentaia.
- Turismorako egoitzak: %3,01. Ez dugu Baztan edo Izaban eman daitekeen turismorako esakaintzarik baina Nafarroako landa eremuko batez bestekoa baino altuagoa da biztanleko.02
3. Udalerria zenbakitan
3.1. Demografia
Araitzen demografiak behera egin du. Azken bost hamarkadetan erdira jaitsi da populazioa, industrializazioak eta hirietarako eta inguruko herri populatuagoetarako emigrazioak eraginda. Betelun aldiz mantendu egin da. Antzeko kasua gertatzen da Larraun eta Lekunberrin.
Araizko biztanleen gehiengoak udalerritik kanpora egiten du lan. Nafarroako landa eremuarekin alderatuz gero, Tolosa eta Lekunberri ardatzean ongi kokatua egoteak, demografiaren jaitsiera mantsotu du nolabait.

3.2. Araizko etxebizitzen tipologia
Eraikinen gehiengoa ohiko baserriak dira, 200 urte eta hortik gorakoak. Baita harri eta egurrezko egitura duten “kaleko etxe” historikoak. Eraikin hauek herriaren ondare arkitektoniko eta kulturalaren parte dira, eta nekazaritzarekin eta herriaren sustraiekin lotura estua dute.
Bestalde, azken hamarkadetan, beste bi etxebizitza mota eraiki dira. Batetik, etxe unifamiliar berriak egin dira, normalean etxebizitza bakarrekoak, lorategi edo espazio pribatua dutenak. Bestetik, apartamentu motako etxebizitza dituzten bloke txiki gutxi batzuk ere eraiki dira, azken hamarkadetako familia mota eredu berriaren edo unitate txikiagoei eskaria asetzeko.
Araitzek baserriaren tradizioa etxebizitza berriekin uztartzen duen herri-irudia dauka.
3.3. Etxebizitza eta bizilagunen egoera
• Tipologiaren arabera (datuak herrika)
— Arribe-Atallu
Ohiko etxebizitzak » % 65,63
Bigarren egoitzak » % 20,00
Hutsak » % 13,75
Turistikoak » % 0,63
— Azkarate
Ohiko etxebizitzak » % 40,82
Bigarren egoitzak » % 24,49
Hutsak » % 30,61
Turistikoak » % 4,08
— Gaintza
Ohiko etxebizitzak » % 44,74
Bigarren egoitzak » % 23,68
Hutsak » % 26,32
Turistikoak » % 5,26
— Intza
Ohiko etxebizitzak » % 46,81
Bigarren egoitzak » % 12,77
Hutsak » % 34,04
Turistikoak » % 6,38
— Uztegi
Ohiko etxebizitzak » % 39,47
Bigarren egoitzak » % 23,68
Hutsak » % 31,58
Turistikoak » % 5,26
• Herrien sailkapena etxe motako:
— Ohiko etxebizitzak
Uztegi » % 39,47
Azkarate » % 40,82
Gaintza » % 44,74
Intza » % 46,81
Araitz osoa » % 53,92
Arribe-Atallu » % 65,63
— 2. egoitzak
Uztegi » % 23,68
Gaintza » % 23,68
Azkarate » % 24,49
Araitz osoa » % 20,48
Arribe-Atallu » % 20,00
Intza » % 12,77
— Hutsak
Intza » % 34,04
Uztegi » % 31,58
Azkarate » % 30,61
Gaintza » % 26,32
Araitz osoa » % 22,59
Arribe-Atallu » % 13,75
— Turistikoa
Intza » % 6,38
Uztegi » % 5,26
Gaintza » % 5,26
Azkarate » % 4,08
Araitz osoa » % 3,01
Arribe-Atallu » % 0,63
• 65 urtetik gorako pertsonak soilik bizi diren ohiko etxebizitzak
Datu honek, ohiko exebizitzetan, 65 urte edo gehiago dituzten pertsonak soilik bizi diren ehunekoa neurtzen du. Alegia, urte osoan jendea bizi den etxe horietan ez da inor bizi 65 urte baino gutxiago duenik.
Arribe-Atallu » % 36,19
Araitz osoa » % 29,05
Intza » % 27,27
Uztegi » % 26,66
Gaintza » % 11,76
Azkarate » % 10
Kontrako kasuan, ez dugu identifikatu soilik 30 urte azpiko pertsonak bizi den etxebizitzarik.
• Irakurketa azkar bat
Arribe-Atallurekin alderatuta goiherrietako etxeak hutsagoak daudela nabari da, edo beste era batera esanda gutxiago erabiltzen dira ohiko etxebizitza gisa. Araitz osoaren batez bestekoa arloka Arribe-Atallun aldatzen da mota guztietako etxeetan (ohiko etxebizitza, 2. egoitza, huts zein turistikoetan).
Arribe-Atallun ohiko etxebizitzaren batez bestekoa % 65era iristen da, hala ere Nafarroako batez besteko %80tik urrun.
Uztegi da ohiko etxebizitza erabilera gutxien duen herria, baita bigarren egoitza gehien duena ere Gaintzarekin batera. Aldi berean Intza da bigarren egoitza gisa etxe gutxien erabiltzen diren herria baina baita etxe erabat huts gehien dituena ere.
Aldiz, 65 urtetik gorako pertsonak soilik bizi diren ohiko etxe bizitzen portzentaia Arribe-Atallun da handiena. Etxe kopuru altuena bertan egonik, asko igotzen du udalerriko batez bestekoa gainera. Urte osoan erabiltzen diren Araizko etxebizitzen %29,05ean ez da 65 urtetik beherako pertsonarik bizi.

3.4. Etxebizitzen prezioak
2024an eta 2025ean Araitzen saldu diren etxeen batez besteko salmenta prezioa 392.000 eurokoa izan da. Egia da azalera handiko etxeak direla eta eraikin bakoitzetik etxebizitza bat baino gehiago atera daitezkeela, baina kostu handiko obrak gehitu beharko litzaizkioke egindako erosketa inbertsioari.
Gaur egungo bi soldata ertain jasotzen dituen familia batentzako ere nekez buelta eman dakiokeen inbertsioa suposatuko luke.
Egoera honen ondorioz, bertako gazteek ezin dute etxebizitza bat erosi udalerrian, eta herentzia bidez jasotzea da beraientzako aukera bakarra.
Kanpotik datorrenak ere egoera ekonomiko oso erosoan egon behar du bertan etxebizitza erosi ahal izateko.
Alokairuko etxebizitza aukerarik ez dago.
01 Navarra tiene 329.412 viviendas, de las que el 80% están ocupadas como vivienda principal » IRAKURRI
02 (na)stat – oferta de alojamientos turísticos » IRAKURRI