Mendialdeko elikadura sistema eta elikagaien ekoizpena bultzatzeko udal politika publikoei buruzko jardunaldia
Nekazaritza politikak, orokorrean, gobernu zentral eta autonomikoen eskumena diren arren, tokiko entitateek lan handia egin dezakete tokiko elikadura sistemak eraikitzeko eta sendotzeko eta elikagaien ekoizpena bultzatzeko.
Bestalde, tokiko elikadura sistemak egituratzeko eta indartzeko askotariko arlotan egindako lana garrantzitsua da. Esaterako, elikadurarako eskubidea, jangela publikoen elikadura-eredua, erosketa publikoa, ekimen kulturaletako elikadura-eskaintza, eskoletako kurrikulum akademikoa, merkataritza txikia, zaintza eredua, edota turismoa, tokiko elikadura sistemaren parte izan daitezke.
Mendialdean elikagaien ekoizpenari zein tokiko elikadura sistemari bultzada emateko asmoz, gai horiek guztiak lantzeko jardunaldia antolatu du Mendialdeko Elikadura Mahaiak. Ekainaren 4an izango da, 15.30tatik 20tara, Mimukain (Leitzan).
Nori zuzenduta dago jardunaldia?
Jardunaldia edonori zuzenduta dago. Hala ere, nolabait elikadura lantzen duten arduradun politikoei, udal-langileei zein herri eragileei gonbidapen berezia egiten diegu. Kultura eta kiroletik, gizarte zerbitzuetatik, hezkuntzatik, turismotik, eta beste hainbat arlotatik zeharka lantzen da elikadura eta, beraz, horietako edozein esparrutan lanean ari direnentzat interes berezia izanen du. Animatu eta etorri, baduzu zer egin, baduzu nola eragin!
Izen-ematea
Jardunaldian parte hartzeko izena eman behar da. Horretarako, galdetegi hau bete.
Informazio gehiago
mendialdea-elikadura@cederna.es
