Zerbitzua ekain amaieratik dago erabilgarri Araizko Udalaren alboko aparkalekuan eta bi ibilgailu aldi berean kargatzeko aukera eskaintzen du. Ekimen honekin, Udalak Nafarroako Klima Aldaketaren Legea betetzeaz gain, bertako eta bisitarien mugikortasun jasangarria erraztu nahi du.
Araizko Udalak ingurumenarekiko eta energia-trantsizioarekiko konpromisoan urrats bat eman du, herrian ibilgailu elektrikoak kargatzeko lehen azpiegitura publikoa jarrita. Instalazio-lanak amaituta, zerbitzua ekainaren amaieraz geroztik dago erabilgarri herritarren zein bisitarien eskura.
Lege-betetzea eta finantzaketa europarra
Proiektu honen bidez, Udalak erantzuna ematen dio Nafarroako Klima Aldaketari eta Energia Trantsizioari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legeari; izan ere, araudi horrek 500 biztanletik gorako udalerriei karga-puntu elektriko bat izatea eskatzen die.
Inbertsioa egiteko, Udalak MOVES III programaren laguntza jaso du; Europar Batasunak finantzatutako NextGenerationEU funtsei esker eta Europako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren bidez bideratutako mugikortasun elektrikoari lotutako pizgarrien ekimena, hain zuzen ere.
Egungo ezaugarriak eta etorkizuneko hobekuntzak
Gaur egun, banaketa-sareak eskain dezakeen mugak zehazten du zerbitzuaren ahalmena:
- Egungo potentzia: 7 kW.
- Edukiera: Bi ibilgailu aldi berean kargatu daitezke.
Hala ere, azpiegitura prestatuta geratu da etorkizunean potentzia 22 kW-era igotzeko, eta horrela bateriak azkarrago kargatzeko aukera eskainiko du.
Abantailak bailarako herritarrentzat eta bisitarientzat
Bailaran dagoeneko badira ibilgailu elektrikoen erabiltzaileak, eta gehienek etxean kargatzeko aukera badute ere, karga-puntu berriak babes-zerbitzu publiko bat bermatzen du.
Horrez gain, Araitzera datozenek bertan kargatu ahal izango dituzte beren ibilgailuak, inguruko herrietara —Lekunberri, Mugiro edo Tolosara— desplazatu beharrik gabe.

