Belaunaldiz belaunaldi ikasitako istorioen bidez, Araizko herrietan ugari dira ohiturak, balentriak, sinesmenak, mitoak eta gertakariak. Bada, horiek guztiek hemengo jendearen nortasuna landu dute.
Ugari dira, era berean, kondairak eta izaki mitologikoak, hala nola Mari jainkosa, jentilak, lamiak edo adarbakarrak. Araizko herriek, gainera, lotura berezia izan dute beti naturarekin. Araiztarrek Ama Lurrari buruzko jakintza handia erakutsi dute eta, horri esker, ukendu, krema eta halakoak egin dituzte denetariko zauriak sendatzeko. Eguzki-loreak eta lizar-adarrak, gainera, benetako kutunak izan dira baserriak eta azienda babesteko.
Mendez mende, erritu paganoek espiritu gaiztoei egin zieten aurre. Elizak bere ohiturak eta sinesmenak ezarri ahala, sua eta txistu-doinuak, txilibitu eta danbor hotsak sorginkeriarekin lotzen hasi ziren. Gero, Inkisizioaren ondorioz, akelarretzat jo ziren gizon eta emakume batzuek gau osoan Albin (Kapatar Iturri) eta Urrizolako Maldan kantuan eta dantzan egiten zituzten bilerak, sorginen arteko topaketak zirelakoan.
Intzako gertakari tristeak
Istorio asko iritsi zaizkigu gaur eguneraino, baina egiazko gertakari ikaragarri bat gertatu zen Intzan, 1595ean. Izan ere, garai hartan, Anduezako Jauregiko jaunek bailarako bizilagunak oso gaizki tratatzen zituzten. Intzako gizon-emakume batzuk behartu zituzten herriko beste bizilagun batzuk salatzera, sorginkeria egin izanaz akusatuta. 1595eko lehen hilabeteetan, 28 lagun atxilotu eta haietako 12 Iruñeko espetxean hil ziren. Auzitegiek den-denak errugabetzat jo zituzten, musikari bat izan ezik; 100 azote eman zizkioten eta 6 urterako erbesteratu zuten. 1984an, Pedro Olea zinemagileak “Akelarre” filma eraman zuen pantaila handira, Araizko sorginkeria auzian oinarrituta.
Beste gertakari batek ere erdi-erditik jo zuen Intza. Izan ere, 1714ko abuztu eta iraileko euri-jasa handiek luizia eragin, harriak erori, eta ondorioz, herriko 68 etxeetatik 38 hondatu ziren, eliza, errota eta kontzeju-etxea barne. Intzatarrek, ahalegin handiz, baserri berriak eraiki eta gaur egun ezagutzen dugun herria itxuratu zuten.
Biziraupeneko ekonomia
XX. mendeko 80ko hamarkadaraino, Araizko ekonomia autokontsumoan zetzan. Herritarrek babarrunak, patatak, gazta, esnea, arrautzak, ogia, txerrikia, arkumea eta oilaskoa jaten zituzten. Elikagai horietako batzuk Tolosan saltzen ziren. Emakumeak autobusez joaten ziren Tolosako azokara, saskiak babarrunez, arkumez eta gaztaz beterik, eta han, luxu txiki batzuk erosten zituzten, hala nola kafea, azukrea, txokolate-ontzak eta goxokiak.
Etxeko guztiek baserri lanetan parte hartzen zuten, baita haurrek ere, baratzean eta azienda gobernatzen laguntzen baitzuten. Ez zegoen argirik, ez etxeko urik. Emakumeek arropa errekan garbitzen zuten, eta arropa zuritzeko lixiba errautsetatik lortzen zen. Intzan teileria bat ere bazegoen, baserrietako teilak egiteko. Galtzina-labeetan, bestalde, galtzina edo kare bizia egiten zen, paretak eta ukuiluak zuritzeko eta soroak ongarritzeko.
Gerra zibilean eta gerraondoan, errazionamendu garai betean, Araizko jendeak olioa, irina eta babak trukatzen zituen Larraungo herriekin; ardoa eta garia, Sakanakoekin. Tolosan, berriz, oso ezaguna zen “kontrabando bidea” esaten zitzaion ibilbidea, hau da, Balerdi edo Mallo-zarra azpitik Bedaiorantz zihoan bidea.
1964an, saiakera egin zen Arritzagako zainetara iristeko eta, bestaldean, Amezketako meategietatik (Gipuzkoa) ateratzen zen kobre preziatura ailegatzeko. Horretarako, 1,9 km-ko galeria luzea zulatu zen Gaintzatik, baina proiektuak azkenean ez zuen aurrera egin.
Erlijioa, toki guztietan
Etxe guztietan zegoen seme-alabetako bat erlijio-bizitzan sartzeko ohitura, batez ere ikasi nahi bazuen. Gizon ospetsuenetako bat Migel Olasagarre Zubillaga izan zen, hau da Aita Damaso Intzakoa. 1910ean apeztuta, euskaltzale handia eta euskal kulturaren bultzatzaile nekagaitza izan zen, bai eta Euskaltzaindian parte hatutako lehen nafarretako bat ere.
Ospakizun guztiek erlijioa zuten ardatz, bai errepide eta azpiegituren inaugurazioek, bai jai erlijioso hutsek. Gizon-emakumeak mezetara joaten ziren. Emakumeek, gainera, egunero joan behar izaten zuten maiatzean mezetara arrosarioa errezatzeko. Emakumeek ez zuten aukera handirik aisiarako: igandeetan gaztainak bildu, txerri-hiltzearen inguruko jaiaz gozatu, eta dantzaldi eta erromerietara joan, baserriko lana bukatu ondoren. Une atseginak ziren, emakumeen bizitza soila bezain betea zorionez betetzeko.