Malloa belarrez beteak zegoen eta belarra, goi haietatik, baserrietaraino jaisten zen aireko kableen bidez. Gaur egun, ia ez da arrastorik gelditzen paisaiara aldaketa ekarri zuten tirolina haien gainean. Bai, ordea, bertako jendearen oroitzapena, aspaldiko lan molde hori ezagutu zutelako.
Araitzen, baserrien inguruko soroetan garia eta artoa lantzen ziren. Negu garaian aziendari jana emateko belarra, berriz, Mallotik edo menditik jaisten zen. Hura guztia herri-lurra zenez, Udalak zozketa egiten zuen maiatzaren 3an (Santa Kruz eguna) zotzak edo lursailak familien artean banatzeko. Urteak joan-urteak etorri, zotzen eskriturak baserri guztietarako egin ziren.
Belarra udan ebakitzen zen. Hura lan gogorra zen eta nola-halako trebezia behar izaten zen. Aldapa biziak zirenez, segalariek oinutsik moztu behar izaten zuten belarra. Gero, eguzkitan lehortu eta buxiek prestatzen ziren, hau da, maindire edo zakuetan bildutako belar fardoak, 50-80 kilokoak. XX. mendearen hasierara arte, baserritarrek bizkar gainean garraiatzen zituzten belar fardoak edo, bestela, zaldi eta mandoen gainean.
Aireko kableak jarri zirenekoa
XX. mendean, sekulako aldaketa gertatu zen Araitzen, kable-sare bat jarri baitzen, zura eta belarra menditik behera ahaleginik egin gabe jaisteko. Malloko lehen kableak egurra garraiatu zuen Alixateko Muñotik Juangoneko borda ingururaino eta, uste denez, “Ataungo errerua” esaten zioten Bixente Eskisabelek egin zuen.
Behin frogatuta balio zutela, belar fardoak hasi ziren kableen bidez jaisten. Malloko aldapa bizietan, beraz, eskuz egindako matxoiak jarri ziren pixkanaka. Guztira, 49 kable jarri ziren; gehienak, Intzan (23) eta Gaintzan (16). Batzuek kilometro batetik gorako luzera zuten eta 500 metroko desnibela. Beste batzuk, berriz, baserrietako ganbaretaraino iristen ziren zuzenean. Herri guztietan jarri ziren, Azkaraten izan ezik, bertako aldapak arriskutsuak zirelako eta Malloberriko belar zelaiak hurbil zeudelako.
Auzolanean
Belarra udako hilabeteetan egiten zen. Berorik ez pasatzeko, familiak goizean goiz abiatu eta eguzkia atera baino lehen iristen ziren zotzetara. Asto bat zeramaten, bai eta idiek tiratutako gurdi bat ere, belarra baserrietaraino garraiatzeko. Denek laguntzen zuten, baita artzainek ere. Izan ere, ardiak lehen aldiz jetzi eta gero, jaitsi eta baserritarrei laguntzen zieten. Helduek belarra segarekin moztu eta buxiek prestatzen zituzten. 8 urtetik gorako haurrek, berriz, iturriko ur freskoa eraman eta belarra lehortzen laguntzen zuten. Bitartean, jostetan ere aritzen ziren, inguruan ikusitakoa kopiatuz. Soka bat beren burutik hurbil-hurbil zintzilikatu eta, belar buxi ttikiak egin ondoren, txirrikan behera botatzen zituzten. Egun eguzkitsu eta argietan, haurrek ederki gozatzen zuten buxiek kabletik jaistean egiten zuten soinuaz eta abiaduraz.
Malloko belarra oso ona zen, oso elikagarria, azienda aise gizentzeko modukoa. Hori zela eta, ahalik eta belarrik gehiena jaisten saiatzen ziren. Familien lana arintze aldera, baserritarrek inguruko eta Gipuzkoako gazteak kontratatzen zituzten.
Baserri bakoitzeko belar zakuei bereizgarriren bar jartzen zitzaien (zapia, adarra, soka) norenak ziren jakiteko. Kolpeek, berriz, azken karga zela adierazten zuten.
1971n egin ziren azken aldiz Malloko belarrak. Izan ere, traktoreak iristeaz gain, belar ondua prezio onean erosteko aukera etorri zen eta, ondorioz, handik aurrera, Malloan ez zen belarrik ebaki eta kableak erabiltzeari utzi zitzaion.
Aireko kableen funtzionamendua
Hura sistema erraz-erraza zen. Bi toki jartzen zituzten, bata belarra kargatzeko eta, bestea, berriz, deskargatzeko. Biak ere altzairuzko kable galbanizatu baten bidez zeuden elkarri lotuak, Bizkaiko Labe Garaietan egindakoa. Kabletik behera txirrika bat jaisten zen eta, txirrikatik zintzilik, karga. Karga-tokia leku altuago batean jartzen zen, zuhaitz bati lotua edo, bestela, lurrean sartua zegoen harkaitz bati edo harriz egindako dorre bati lotua. Belarra deskargatzeko tokiari “astoa” esaten zaio eta beheko aldean jartzen zen. Bi zutoin edo ostiko ziren, biak ere lurrean sartuta eta bi ardatzek lotuta. Behekoa “danborra” da eta kablea tenkatzeko edo destentsatzeko erabiltzen zen adar baten bidez. Danborrean sartutako adarra goiko ardatzaren aurka finkatzen zen, danborrak bira egitea eragotziz.