Malloko tontor malkartsu eta basatien azpian, Aralar mendiaren bihotzean, aspaldi-aspalditik bizi da herri baten taupada mendiari lotuta, bai eta mendi-bazter eder bezain maldatsuek sortutako erronka etengabeen eraginpean ere.
Nafarroa eta Gipuzkoa artean dauden eta Araizko bailararantz amiltzen diren haitz malkartsuek bertako gizon-emakumeen izaera landu dute. 1694tik aurrera Araitz osatzen duten sei herriak, ordea, ez dira inola ere kikildu eta Atalluk, Arribek, Azkaratek, Gaintzak, Intzak eta Uztegik ederki erantzun diete basa naturak ekarritako nekeei. Naturak, esker onean, araiztarren irmotasuna saritu eta behar adina baliabide eman dizkie inguru hauek moldatzeko eta bertan bizileku goxoa eraikitzeko. Atzean gelditu da artzaintza bizibide nagusia zuten garaia. Izan ere, industriaren garapenarekin, abeltzaintza ahultzen joan zen eta, ondorioz, azienda elikatzeko erabiltzen zuten Malloko belarretan baso zabalak hazi ziren. Paisaia aldatu bada ere, bizilagun guztien oroimenean geldituko da betirako herri honek lurrarekin duen lotura, bai eta lurra lantzeko aspaldi-aspaldiko moldea ere.
Artzaintza, bizibide
Neolitotik hona, Araizko jendeak beti izan du artzaintza ogibide. Izan ere, maiatzetik urrira, artaldeekin batera Aralarko mendietara igotzen ziren eta, elurrak dena zuritzen zuenean, bailarara jaitsi edota Gipuzkoako kostaldera jotzen zuten klimatologia goxoagoaren bila.
Bakardadean aritzen ziren lanbide latz hartan. Txaboletan bizi ziren. Han, ardiak egunean bi aldiz jetzi (argitu baino lehen eta ilunabarrean), gazta egin, ardi-hanketako zauriak sendatu eta kume sortu berriei laguntzen zieten.
Zakurrak eta begiratu batean ezagutzen zituzten ardi latxak bidelagun bakar harturik, orduak eta orduak ematen zituzten aire zabalean, inguruaren isiltasuna eta baretasuna gozatuta. Zeharkatzen zituzten belardi edo barruti askotan, baziren historiaurreko aztarnak, hau da, trikuharriak, iruinarriak edo arkuek, hots, kupula faltsuko txabola borobilak.
Historialarien arabera, txabola horiek mendiotako bizilagunen bizilekuak izan ziren aspaldian edota azienda babesteko aterpe txikiak.
Mendez mende, artzainek ibilbide arriskutsuak urratu zituzten Aralarko gainetara iristeko; gaur egun, bide horiek galduak daude, baina garai batean, jende ospetsua ibili zen haietan barrena, hala nola Martin Joxe Ezkurdia Errazkingo ahuntzaria, Juanagorritarrak edo Pedro Migel Otamendi “Matxindo” Gaintzako ahuntzaria.
“Mallo ixtea” edo bazkalekuak ixtea
Mendiak ere bere arauak zituen. Udazkenetik udaberri hasiera arte, azienda bere kasa ibiltzen zen Malloan. Maiatzaren 1etik aurrera, ordea, bazkalekuak ixten ziren Malloko belarra hazten uzteko. Hura oso belar ona zen, oso elikagarria, eta neguan aziendari ematen zitzaion jateko. Horri “Mallo ixtea” esaten zitzaion. Bizilagunak auzolanean joaten ziren goiko bazkalekuetara –Mallora–, hesolak eskuan, hesi eta langa kaltetuak konpontzeko eta inguru hura ixteko, azienda ez sartzeko. Neurri horrek San Migel eguneraino zuen indarra (irailak 29), egun horretan bazkalekuak berriz ere irekitzen baitziren.
Aisian trebeak eta iaioak
Bizimodu soila eraman arren, artzainek ederki zekiten denbora nola erabili entretenimendurako, buru argiak baitziren. Uda partean, artaldeak bazkan ari zirela eta bigarren aldiz jezteko bildu baino lehen, artzainak elkartu, eta hainbat joko eta kirol egiten zituzten. Adibidez, harriak jasotzen eta indarrak neurtzen aritzen ziren (proba-harria), barruti borobiletan egiten zuten korrika (korrikalekua) edota pilotan jokatzen zuten Pilotalekuetan, hau da, barruti lau samarretan, bertan laukizuzen bat edo H bat aitzurrarekin eginda, eta erdigunean zanga bat.
Gorputzez trebe-trebeak izateaz gain, ederki ere moldatzen ziren ahoz kantari eta kontari. Artzain asko bertsolari ospetsuak izan baitziren eta bertso ale ederrik utzi zuten oroitzapenerako, ziur aski Malloko tontor-lerro ederrean barrena behin eta berriz egindako ibilaldien inguruari zerion bakeak inspiratuta.