Arteak alor ugari hartzen ditu bere baitan eta denek ere badute euren lekua gure bailaran. Batetik, bertan bizi dira edo bizi izan dira artista ezagun hainbat: Jose Luis Zumeta margolaria, Remigio Mendiburu eskultorea, Iñigo Altolagirre margolaria, Txitxi Orbegozo margolaria edota Juan Gorriti eskultorea esaterako.
Bestetik, ezin aipatu gabe utzi udal-barrutian ditugun historiaurreko trikuharriak, hala nola, Trikutseta, Añi eta Txuritxoberri.
Amaitzeko, eta eraikinei dagokienez, ikustekoak dira herrietako dorretxeak. Eliza, baseliza eta monumentuei dagokienez, berriz, ondokoak dira herri bakoitzeko eraikin nagusiak:
- Arribe: Erdi Arokoa den San Migel eliza. Erretauletako batean bada, irudi baliotsu bat, XV. mendekoa. Erretaula nagusia XVII. Mendekoa da. Bi ermita daude: Bideko Amabirjinarena eta Ageda deunaren baseliza.
- Atallu: San Juan Bataiatzailearen eliza. Bertako erretaula nagusia XVIII. mende bukaerakoa da.
- Azkarate: San Esteban eliza eta XVI. mende bukaerakoa den San Fermin baseliza.
- Gaintza: Tourseko San Martinen eliza, Amabirjinak semea nitxo batean duen irudi garrantzitsu bat badu, XVII. mendekoa, gotiko erakoa.
- Intza: Santiagoren eliza, erretaula nagusia errenazimendukoa da eta bertan, gai desberdineko hainbat pintura uztartzen dira. Aipatzekoa da ere Auntzin auzoko Santa Kruz ermita.
- Uztegi: Asuntzionen eliza. Eraikuntzak baditu XIV. mendeko hainbat ezaugarri, bobeda esaterako, kañoi erakoa da. Egurrezko irudi baliotsu bat ere badu, XIV. mendekoa hain zuzen ere.