Mendialdeko Mankomunitateak antolatu zituen Goizueta, Leitza, Araitz, Lekunberri eta Larraungo hitzaldien ondoren, gure bailaran ere interesa azaldu dute zenbait bizilagunek energia komunitate bat martxan jartzeko. Hitzaldietan argi geratu zaie energia komunitate batek bertan bizi diren bizilagunek eratu behar dutela energiaren sektorean benetako aldaketa bat egotea nahi badugu.
Lehen bilera gabonen aurretik egin dute energia komunitatea sustatuko duen taldea eratzeko. Hemendik aurrera bilerak hilabetero egiteko asmoa azaldu dute eta dei egiten diete Araitz bailaran bizi diren bizilagun guztiei komunitatean parte hartzeko. Gaiaren inguruan informazio gehiago edo lagundu nahi duen inor izanez gero Udaletxetik pasa daiteke informazio eske.