Lore eta animalia espezie asko bizi dira hain paisaia aberats eta oparoaren babesean, guztiak ere interes handikoak biodibertsitateari begira. Aralarren, hegazti harrapariak, ardi latxak eta behiak elkarren bakean bizi dira eta, haiekin batera, espezie babestuak, hala nola gailurretako uhandrea.
Araizko zoko-moko guztietan sortzen da natura bere ederrean. Toki guztietan ageri baita landaretza oparoa, bai haitzondotik gorako haitz malkartsuetan, bai bailarako baserrietara bitarteko baso, belardi eta sasidietan.
Malloko haitz handi bezain ederretan badira tarteka erlaitz belartsuak eta, haitzondotik behera, belar-geruza ederra dago gorago edo beherago; bertan, landaretza oparoa hazten da euri fronte ugariei esker. 800 metrotik gora, pagadiak dira nagusi, tarteka haltzadiak daudela, bai eta haritzen bat eta hostazuriren bat ere. Azken hamarkadetan, basoak zabaldu egin dira larreen kaltetan. Irudi horrek erakusten du goi mendiko azienda desagertzeak ondorio kaltegarriak dituela larreetan berez hazten diren landare-espezien kontserbaziorako.
Beherantz egin ahala, mendi-hegalak haltzadiz janzten dira; bereziki, Gaintza eta Azkarate aldean, bai eta hagin-basoz, gaztainadiz, gorostiz eta alertzez ere.
Baina klima kantauriarrean hazten diren zuhaitz bereizgarrien aldaerekin batera, Malloko bi espezie endemiko hazten dira; biak ere leku ospel eta hezeetan bizi dira eta Nafarroako zoko honetan baizik ez dira loratzen: ira-belar urdina (Aconitum pyrenaicum subespecie variegatum) eta Carex caudata izeneko belar-landare txiki bat.
Paisaian han-hemenka hazten den landare sorta oparoa beti izan da gaitzak sendatzeko erremedioen iturri agortezina, baita gaur egun ere, dela zauriak sendatzeko, dela sabeleko minak arintzeko, dela digestioarentzako onak diren edariak prestatzeko. Urteetan, Araizko jendeak giltzapean gorde ditu krema eta ukenduak egiteko errezeta sekretuak, eta hainbat sendabelar erabili dituzte: “Pasmo-belarra”, “Ebaki belarra”, “Santi-belarra”, Juanagorri belarra, malba, berbena-belarra, iodoa, “Ezki-ura”. Halaber, basaranak bildu dituzte patxarana egiteko.
Araxes, Araitz gurutzatzen duen erreka
Araitz bailara Kantauriren eta Mediterraneoren arteko ur banalerroa osatzen duten mendien oinetan dago. Araxes errekak Aralar mendiko eta inguruko mendietako urak jaso, bailara hego-ekialdetik ipar-mendebaldera gurutzatu eta Gipuzkoako Oria ibaira isurtzen ditu urak, Kantauri itsasoaren bila.
Errekak mendien oinetan aurrera egiten duen bitartean, mendi barruko akuifero eta errekastoek mendigune karstiko handi hori eratu duen kareharria higatzen dihardute, eta leize eta kobazulo asko sortu dituzte. Haien barruan, saguzar mehatxatu batzuek beren kumeak hazten dituzte.
Espezieak paisaiara egokituak
Malloko basoetan eta harkaitzetan hegazti sorta oparoa bizi da, guztiak ere ederki egokituak ingurune basa, eder eta latz horretara. Izan ere, kareharrizko malkar ikaragarrietan habia egiten dute ugatzak, sai arreek, arrano beltzek, sai zuriek eta harkaitzetako beste hegazti batzuek, hala nola miruek eta belatz handiek.
Harrapariez gain, basoak eta bertako giro ospelak oso leku aproposak dira hegazti espezie asko eta asko bizitzeko: okil handia eta okil beltza, zozoa, kukua, txoka, txonta, pitxartxarra, birigarroa, belatxinga mokogorria, belatxinga mokohoria, txantxangorria, eskinosoa, amilotxa, birigarroa, erregetxoa, eta makina bat hegazti gehiago, bakoitza bere lumaje eta txioekin, haien bizilekuetan barneratzen den jendearen begien eta belarrien gozamenerako.
Adarrak eta enborrak hegaztien jostalekua dira; eta lurrean eta sasien artean, berriz, eroso dabiltza erbiak, basurdeak, orkatzak, lepazuriak, azkonarrak eta azeriak. Atze-atzean gelditu dira otsoak eta hartzak Araitz alde honetan zebiltzaneko garaiak. Hezeguneetan ere bada espezie babesturik, hala nola baso-igel jauzkaria eta uhandrea, hau da, mendian bizitzeko baldintza ezin hobeak dituzten bi anfibio mota.
Gaur egun, basoak barruti edo belardien gainean zabaltzen ari badira ere -neurri handi batean abeltzaintza behera doalako-, oraindik daude larreak ardi latxaz, behiez eta pottokaz beterik, lur honek artzaintzarekin eta historiaurrearekin duen loturaren oroigarri.